BOSNIAN DÉJÀ VU Goiuri Aldekoa-Otalora
Bosnian Déjà Vu
Goiuri Aldekoa-Otalora
Ekainaren 10etik 29ra | Arte eta Historia MuseoaBosnian Déjà Vu
Autobiderik ez dagoen herrialdea. Bide bazterrean umetxo bat, aurretik pasatzen zitzaizkion
autogidariei masusta katilukada eskaintzen txakur txiki biren truke. Europako hirugarren herrialderik pobreena da Bosnia.
Bosniako familia ezagutzera eginiko bidaiak Euskal Herriaren iragana eta arbasoen bizimodu gogorra ekarri zizkidan gogora, igarotako denboren ispilu bailitzan. Ingurunea hemengoaren oso antzekoa da: baso eta zelai itzelak, haritzez, pagoz, pinuz eta fruitu-arbolez beteak.
Kulturan eta erlijioan batekoak eta bestekoak desberdinak bagara ere, bi herrialdeon artean
antzekotasunak gehiago direla ikusi dut, eta gizakien oinarrizko beharrizanak berdinak direla leku guztietan.
Horren erakusle dira Bosniako gerrari buruz eta hemengo gerra zibilari buruz entzundakoa, autoekoizpena, kanpokoari ongi etorri beroa emateko era, emakumearen rola, erlijioaren eragina eta abar.
Lurralde arrotz hartara iristeaz bat, Déjà vu bat bizi izan nuen.
Arte eta Historia museoa
Sanagustinalde kalea 16
Asteartetik ostiralera: 11:00 – 13:30 / 16:30 – 20:00.
Larunbatak: 11:00 – 14:00 / 17:00 – 20:00.
Igande eta jaiegunak: 11:00 – 14:00.
- Goiuri Aldekoa-Otalora (Durango, Bizkaia,1972) Diseinu Grafikoa ikasi zuen Huescako Arte eta Lanbide eskolan argazkigintzan espezialduaz; horrez gain, Oscar Molina, Jose Luis Bravo eta Gabriel Brau argazkilari profesionalak izan ditu maisu. Zazpi urtez Eraz-Anboto astekariko argazkilaria izan zen, Segun Lazkanoren gidaritzapean; denbora tarte horretan, hainbat aldizkaritarako erreportajeak egin zituen, eta “Gustura idatziz” Irune Ibarrak idatzitako liburuaren argazkiak eta ilustrazioak ere egin zituen (Ibaizabal argitaletxea, 2000). Hainbat erakusketa egin ditu, besteak beste, “Rtratuek” – emakume argazkilarien ikuspegi pertsonalari buruzko erakusketa kolektiboa, Durangoko arte eta historia museoan-, edo “Zaldiak” –zaldiei ateratako irudiekin osatutako bakarkako erakusketa-. Horrekin batera, hainbat talde eta erakunderentzat kolaborazio lanak egin ditu, tartean, Emakunde emakumearen euskal institutuarentzat eta 10 por 15 arte garaikideari buruzko fanzine elektronikoarentzat. Bere azken lanen artean, Erramun Martikorenaren diskoko argazkiak (Elkar) eta “Begira photofestival 2013” erakusketa kolektiboa daude. Photographic Project emakume argazkilarien taldeko kide ohia da, eta egun, argazkilari lana ikus-entzuneko produkzio lanarekin tartekatzen du.